XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mundua azaltzen zan nere begitara antz-aldatua, dena Jainkoaz betea eta asea, eta izadiaren egokitasun arrigarriak ezin esan alako soiñu zoragarria jotzen zuan nere ariman.

Soiñu orrek zeru-aldera eramaten ninduan, lurralde gora ezezagun batera.

Gauza guztiak ikusten nituan Jainkozko alderditik, eta maitetasun bizi bat sentitzen nuan Jainkoagandik urruti bizi diran pekatarientzat, oien salbabidearen kezka arturik.

Barne-barneko premia batek eragiten ninduan oiekin nere zoriona partitzera, eta nere gogoa izaten zan oien billa noranai joatea, baita taberna-zulo ta ardantegietara ere, konbertitu eta Jainkoaren adiskidetasunera jasotzeko, ni bezelaxe zoriontsuak izan zitezen.

Gauza samurra iruditzen zitzaidan ori, pentsatzen nualako denak zirala ni baiño gaiago zeruko mesede oietarako.

Maiz esaten nuan: neri, ain pekatari naizen oni, orrelako mesedeak egiten badizkio Jainkoak, eta ortaraiño maite banau, nola eztitu maite izango ni baiño obeak diran oiek?

Ama baten eta arreba baten biotza nuan pekatarientzat eta Adanen ume guztientzat: guztiak ziran nere begitan beste ni bat bezela, Jainkoagan ikusten eta maitatzen nitualako, eta Arengan denak bat egiten baitegu.

Ala nabaritzen eta dastatzen nuan nik.

Orregatik, eta Jainkoarekin biotzez-biotz jarduten nualako, deus ere gorde ta ezkutatu gabe, ez nekian gero gizarteko nere artu-emanetan neurriak zaitzen, au da, maitasunari eta konfiantzari mugak jartzen.